XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ia mila emendakin eztabaidatuko dira aurrekontuak onartu aurretik

EAEko aurrekontuen eztabaida

GASTEIZ

Talde parlamentari guztien artean, Herri Batasuna ezik, bederatziehun eta hirurogeitabost emendakin aurkeztu dituzte aurtengo aurrekontuak onartzeko.

Jaurlaritzak 513 mila milioko (25,6 mila milioi libera) aurrekontua aurkeztu ondoren, oposizioak osoko emendakinak aurkeztu ditu, alderdi batzuek iazkoen jarraipena direla esanez, UAk kasu honetan, eta kontrakoa bestetan PSE-PSOEk.

Partidu Popularrak ere beste osoko emendakina aurkeztu du.

Gobernuko hiru alderdiek batera aurkeztu dituzte emendakinak, zortzi emendakin partzial.

Partido Popularra izan da emendakin gehien aurkeztu duena, guztira 560 partzial, bost kontseilaritzarekiko osoak eta bat osokoa, aurrekontuen itzulpena eskatuz.

PSE-PSOEk osoko emendakinaz gain beste 304 partzial aurkeztu ditu, eta UAk osoko bat, zortzi kontseilarekiko osokoak eta 64 partzial.

BIHARKO OSOKO BILKURA

Atzo Legebiltzarreko mahaiak emendakinak kalifikatu zituen, bihar egingo den osoko bilkuran zeintzuk eztabaidatuko diren, eta zeintzuk batzordera igaroko diren zehaztuz.

Osoko bilkuran aurrekontuek itzultzea eskatzen duten hiru osoko emendakinak eztabaidatu eta erabakiko dira, eta horiekin batera aurrekontuen aldaketa nabaria eskatzen duten emendakinak ere bai.

Horrela, UAk aurkeztutako saileko osotariko 8 emendakinak, INSALUD inguruan PSE-PSOEk aurkeztutakoa eta beste 2 PPrenak, bihar ikusiko dira.

UAk idatzitako 2 emendakin atzera bota dira, arabar foralistek gobernuak ez zuela diru partida batzuen adierazpenik ematen aipatzeagatik.

Mahaiak erabaki duenez hori ez da arrazoi emendakinik aurkezteko.